AHT=Esplotazioa

Langile bat hil da Bergaran AHTko lanetan, hasi zirenetik zazpigarrena

44 urteko langile bat hil zen atzo arratsaldean Bergaran (Gipuzkoa), AHT abiadura handiko trena eraikitzeko lanetan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, behargina zulagailu batek harrapatu zuen lanetako makineria garraiatzen ari zela. Zaurien ondorioz hil zen. Euskal Trenbide Sareak (ETS) jakinarazi duenez, Bergara eta Antzuola arteko lanetan gertatu zen istripua, 15:30ak aldera. Gizonezkoa da hildakoa, J. M. C., eta ETSk azpikontratatuta zeukan Cimentaciones Singulares enpresa madrildarrean aritzen zen beharrean. Hain zuzen ere, ETSk ohar baten bidez jakinarazi duenez, ikerketa bat hasiko du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.

EH Bilduk eta Mugitu AHTaren aurkako mugimenduak ezbeharra gaitzetsi dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, samina adierazi du ohar baten bidez, eta elkartasuna adierazi die senitarteko, lagun zein lankideei. «Lan osasunari lehentasuna emango dion» beste eredu baten alde egin du, eta ezinbestekotzat jo ditu «prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren aurkako delituen jazarpena». Mugituren esanetan, bestalde, «AHTko lanetan izaten diren lan baldintza kaskarren eta esplotazioaren» inguruan Eusko Jaurlaritza «ez ikusiarena» egiten ari da.

Lanaldi luzeak

Antzeko salaketa egin zuen duela urtebete ELAk, eta orduan esandakoak berretsi ditu orain ere. Hain zuzen ere, eraikuntzako lan hitzarmena urratu izana leporatu dio ETSri. Izan ere, abiadura handiko trena eraikitzeko lanetan jardunaldi «neurrigabeak eta legez kanpokoak» egiten ari direla dio sindikatuak. Horren adierazgarri da batzuetan beharginek hamazazpi orduko lanaldiak egitea, eta hamabi ordutik gorako lanaldiak «ohikoak» izatea.

Lanaldiak luzatu beharrean, gainera, zortzi ordutik beherako ordutegia behar zela ohartarazi zuen duela urtebete sindikatuak. Izan ere, lan bereziki toxiko edo arriskutsuetan lanaldia %20, %25 edo %30 laburtu behar dela ohartarazi zion ETSri. Baina esaten zutenaren aurkakoa egiten zutela salatu zuen ELAk.

AHTa eraikitzeko obretan gutxienez zazpi lagun hil dira azken bost urteetan, eta beste zenbait zauritu dira. Zendutako aurreko behargina iaz Arrasateko Gesalibar auzoan hil zen, Gipuzkoan. Hormigoi pieza bat gainera erori zitzaion, argitu gabe dauden arrazoiengatik: A. A. R. beharginak 55 urte zituen .

2011ko irailean, berriz, Tolosako Aldaba Txiki auzoan (Gipuzkoa) beste ezbehar batean beste langile bat hil zen. Nola ez dakitela, kamioi bat bidetik irten, eta gidaria hil egin zen. Urte bereko martxoaren hasieran beste langile bat zendu zen, Antzuolan (Gipuzkoa). Kamioia gidatzen ari zen, eta bihotzekoak jota hil zen.

Urtebete lehenago, 2010ean, beste bi langile hil ziren. Abenduaren 9an, bat hil zen eta hiru zauritu ziren Eskoriatzan (Gipuzkoa), leherketak egiteko erabiltzen duten materialak ustekabean eztanda eginda. Bost hilabete lehenago, abuztuaren 11n, 49 urteko A. D. S. M. langilea hil zen Duran (Araba). Osalanek atera zuen txostenaren arabera, elektrokutatuta zendu zen, garabi batek nahi gabe sare elektrikoa jota.